XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

0. SARRERA Testukritika iker-sail zaharra da (ik. beherago), oraintsuagoko kritika estrukturala, semiotika, dekonstruzioa, eta beste kritika moeta ugariak baino haboro, jakina, eta hauek bezala kritika deitu arren, beren ikergai eta ikerbideak aski ezberdinak (nahiz eta ez lotura gabeak) izan ohi dira.

Noan, bada, testukritika berba hori darabilgunean zertaz ari garen, zer ulertu behar dugun eta bertatik zer itxadon azaltzen saiatzera: hitzaldiaren laburrak ez dit, ordea, gaia agortzeko astirik ematen amets hori inoiz izan banu; behin behineko ezagutza eta pausuetara mugatuko gara, beraz, baina ez nintzateke gutxi poztuko horiek argi gera balitez.

Filologiaren azken helburua (ametsa) herri edo historia garai bat(zu)en ezagutza eta berreraikuntza osoa izanik ere bere(n) hizkuntza, literatura eta kultur emaitza ororen azterketaren bitartez hitz hori restitutio textusa izendatzeko erabili izan da, lan hau bait da Grezia zaharretik hona bestearen etorki, gune eta oinarri.

Alabaina, on litzateke, eta hala egingo dut hitzaldi honetan, filologia berbari bere adierarik zabalena gordeaz, testukritikaz baliatzea bigarren zentzu hertsiago hau aditzera emateko, hots, obra zahar eta berrien testua beren benetazko forman eraikitzen diharduen zientzia saila izendatzeko, testuok egileen asmoari atxikiaz eta bertatik denboraren joanetorriak eta ondorengoen buru eta eskuek gaineratu huts, akats eta ulerkuntza gaiztoak ezabatzen saiatzen dena, alegia.

Nabarmena behar luke izan, ene aburuz, egiteko eta behar hau jakite hutsari bezainbat egilearekiko begiruneari lotua dela: ezin da Barrutiari zor zaion lotsa gordeaz esne nata (!!) bihurtu haren esse natto; Arestik zioen, hil zedinean egin ziezaioketen itsuskeriarik handiena iruditurik edo.